Gure_Sor_Lekuaren_Bila

‘Gure Sor Lekua’ (Andre Madre, 1956) historiako lehen euskal filmaren bilaketa prozesuari buruzko ‘Gure Sor Lekuaren Bila’ dokumentala osatu du Josu Martinez EHUko ikerlari eta zinegileak, eta irail amaieran estreinatuko du. Lantaldeko kideekin izan gara.

Noiz abiatu zenuten dokumentalaren errodajea eta nola joan da filmaketa prozesua?

Dokumentalaren filmaketa, nolabait, espontaneoki hasi zen, Josu Martinez ikerlaria Gure Sor Lekua filmaren bila hasi zenean. Ohartu zen bilaketa hark tesi akademiko batez gain, suspentse pelikula bat ere ematen zuela, eta horregatik, urrats bakoitza kamera batekin grabatu zuen, badaezpada. Hala, prozesu osoa, filmaren topatze unea barne, grabatu zuen. Ondoren, proiektua ondo egituratu eta gidoi bat idatzita, Tentazioa Produkzioak ekoizpen etxera jo zuen bere asmoa azaltzera. Eta haiekin elkarlanean, ordura arte bildutako materialari dokumental formatua eman zioten, gainontzeko grabaketak, elkarrizketak eta bestelakoak bilduz.

Zein formatu izango du, nola egituratuko da?

Ordu eta laurden inguruko dokumental luzea da, akademikotasunetik alde egiten duen eta tonu jostalari eta arina duen lana, detektibeen istorio baten parekoa. Gaiari dagokion sakontasunetik at, ikusleak ondo pasako du. Kontaketa Josuk egin du, lehen pertsonan, eta haren bidez bilaketaren bidaia egingo du ikusleak.

Nortzuk hartu duzue parte lanean?

Martinezek aurretik egindako filmetako lantalde berbera izan du. Hau da, Hibai Castro arduratu da irudiaz, Txaber Larreategi muntaiaz, Joserra Senperena musikaz, Mireia Gabilondo ekoizpen exekutiboaz, Maialen Sarasua irudien posprodukzioaz eta Xanti Salvador soinu posprodukzioaz. Eta noski, Josuk berak zuzendu eta osatu du gidoia.

Non errodatu duzue?

Filma Bilbon, Ipar Euskal Herrian, Parisen, Kalifornian, Argentinan eta Txilen grabatu dugu.

Eta laguntzarik jaso al duzue?

Bai, EHUren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta ETBren laguntza jaso du proiektuak.

Amaitzeko, noiz estreinatuko duzue dokumentala?

Irail hondarrean.