Duela 30 urte estreinatu zuten 27 ordu (Montxo Armendariz) filmari egindako kritikari esker irabazi du Aritz Sorzabalek Zinea.eus atariko II. Kritika Lehiaketa. Mikel Arregi Euskadiko Filmategiko zuzendari ohiak, Juan G. Andres kultur kazetariak eta Oihana Maritorena aktoreak osatutako epaimahaia arduratu da, bigarren urtez, aurkeztutako lanak epaitzeaz.

Kritika-Lehiaketa-Aritz-Sorzabal-Zinea.eus

Iragan maiatzaren 20an itxi genuen II. Kritika Lehiaketara lanak aurkezteko epea, eta orotara 24 kritika jaso genituen. Irabazlea hautatzerako orduan, epaimahaiak ez ezik, atariko erabiltzaileek ere iritzia emateko aukera izan zenezaten nahi genuen, eta horretarako, kritikek jasotako iruzkinak kontuan izango genituela azaldu genuen oinarrietan, beti ere, epaimahaiaren ebazpenari lehentasuna emanda.

Bada, iruzkinen inguruan sortutako gorabeherak tarteko, epaimahaiaren iritzia soilik hartu dugu kontuan irabazlea aukeratzeko. Hala, Arregik, G. Andresek eta Maritorenak emandako botoak zenbatu ditugu, eta Aritz Sorzabal suertatu da garaile.

Bera arduratuko da, honenbestez, ekainean bertan hasi eta urtebetez zinema karteldegian ikusgai izango diren filmen kritikak egin eta gure atarian argitaratzeaz.

Gure eskerrik beroenak, beste behin ere, lehiaketan parte hartu duzuen guztioi, oso pozik irakurri ditugu zuen lanak, baita irakurleok egindako iruzkinak ere. Espero dugu datorren urtean berriz ere animatuko zaretela.