René Le Henaff zuzendari frantziarrak, Lumiere etxearen cinema en relief sistema esperimentala erabilita, Baiona, Miarritz eta Ipar Euskal Herriko landa eremuetan hiru dimentsiotako irudiak errodatu zituen 1936an. Orain arte desagertuta egon den Euskadi izeneko lana Parisen topatu du Josu Martinezek, eta gaur bertan Bilbon izan da aurkikuntzaz hitz egiten.

Euskadi-Zinea-Josu-Martinez

Martxoaren 11n Iruñeko Punto de Vista jaialdian; martxoaren 15ean Bilboko Loraldia jaialdian; martxoaren 23an Donostiako Tabakaleran; eta martxoaren 24an Baionako Atalante zineman. Horiexek, oraingoz, Le Henaffen Euskadi lana Euskal Herrian ikusteko aukera bakarrak. Josu Martinez ikerlariak Parisko Pathé ekoizpen etxean topatu zituen orain 80 urte 3Dn errodatutako lanaren erreferentziak, eta Frantziako Centre National du Cinemara jo zuen. Hala, hilabeteko alokairuaren bidez, Euskal Herrian hainbat saio programatzeko aukera izan du.

Martinezek azaldu duenez, filmaren helburua hiru dimentsioen teknikarekin esperimentatzea zen, eta horretarako, Baiona eta Miarritzeko karriketan zein Ipar Euskal Herriko landa guneetan errodatu zuen Le Henaffek, eremu-sakonerarekin jolastuz. Muntatzaile lanetan aritutako zuzendari gaztea zen, ondorengo hamarkadetan bigarren mailako dozena bat film egingo zituen zinegilea. 2005ean zendu zen, 105 urterekin.

Bigarren aurkikuntza

Baina Euskadi ez da Martinezen gisa honetako lehen aurkikuntza. 2015ean, hain zuzen, André Madré Hazparneko jeneralak 1956an errodatutako Gure Sor Lekua dokumentala, historiako lehen euskal filma, topatu zuen Parisen, jeneralaren alargunaren etxean, kartoizko kaxa batean gordeta. Bilaketa-lana eta aurkikuntza bera Gure Sor Lekuaren bila dokumentalean bildu zituen, eta lana 2015eko Donostia Zinemaldian estreinatu zuten.