Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak egindako egitasmoen artean, hamar dokumentalez osatutako Europa Transit bilduma aurkeztu zuen iaz ordezkaritza ibiltariak. Gatazken lekuko izan diren edo oraindik badiren Europako hamar hiritan errodatutako lanak, aurrerantzean, Filmazpit katalogoan izango dira, emanaldiak antolatu nahi dituen edonoren eskura.

Europa-Transit-Poster-Zinea-04

Enbaxada ibiltaria Ceutan (Mugaldeko mezuak), Belfasten (In Dialogue), Dresdenen (Dresden babesleku), Wroclawen (Giza liburutegia), Sarajevon (Erresilientzia soinuak), Moskun (Demokrazia isildua), Pafosen (Mugaminak), Plovdiven (Kaleko dantzariak), Pristinan (Prozesuan) eta Tesalonikan (Eskola ibiltaria) izan zen iaz, urtarriletik aurrera.

Xuban Intxausti zinegileak gidatutako taldeak hilabete inguru egin zuen hiri bakoitzean, eta egonaldiaren ostean dokumental bat osatu, gatazkaren inguruko begirada ezberdin bat aurkezteko, enpatiaren eta elkarren arteko ulermenaren bila. Egitasmoa amaitutakoan Xuban Intxaustirekin izan ginen, eta proiektuaren argi-ilunak kontatu zizkigun.

Bada, hamar dokumentalak Filmazpit katalogoan izango dira aurrerantzean. Horretarako, bost DVDko bilduma osatu dute, bakoitzean bi dokumental jarrita. Lanok ETBn eskaini zituzten, eta nazioarteko hainbat jaialditan hautatuak eta sarituak izan dira. Orain, ordea, haiekin emanaldi bat antolatu nahi duen orok, Filmazpitekin harremanetan jarri besterik ez du izango. Aprobetxatu!